Festarako prest!


Ekainaren 3an, goizeko 10:00etan txupinazoak emango dio hasiera Eskola Txikien 25. Festari eta egun osoan zehar adin guztiek gozatzeko moduko ekintzak izango dira (ikus egitaraua). Etortzeko zorterik ez baduzu, sartu webean eta bizi festa zuzenean.
26 eskola txiki daude Gipuzkoan eta eskolaren oinarria diren hiru hankak elkartuko ditu 13:00ean Ekitaldi Nagusiak: Udal ordezkariak, irakasleak eta guraso-ikasleak. Gipuzkoako Aldun Nagusia ere bertan izango da eta Bernardo Atxagak irakurraldi labur bat egingo du. Denen artean Jexux Mari Irazuk egindako bertsoa abestuko dugu. Hezkuntza Sailari luzatu zaio bertan izateko gonbidapena, sare publikoko eskola hauek bere ardura direla gogoraraziz.
Eskola bakoitzeko ikasleek euren momentua izango dute Pirritx eta Porrotxen emanaldi berezian: hauek ere 25 urte betetzen dituzte (Bidegoiango Eskola Txikien lehen festa hartan hasi ziren) eta kantuz eta dantzaz ospatuko dugu elkarrekin.
“Eskola bizia, herri bizia” dokumentala emango da 11:00etan eta 16:00etan, eta DVDa erosteko aukera ere izango da.
Euskolabel bazkariak 300dik gora pertsona batuko ditu frontoian 14:00etan.
Festa hiru oinarriren gainean antolatu da: herri osoarena izatea (Larraulgo Udalak eta Guraso Elkarteak elkarrekin antolatu dute eta herritar denei eman zaie egunean bertan lan egiteko aukera), bertakoa kontsumitzea (kamixetak, jatekoak, kartelak… herritarren enpresetara jo dugu bila) eta  ingurumena-rekiko arduraz jokatzea; hainbat ekintza txikitan ikusiko duzu hau (zaborra gaika bilduko da, komun sikua jarriko da, plater eta kubiertoak benetakoak…). Zuk ere ingurumenarekiko errespetoz jokatuko duzunaren konfiantza dugu.
Mila esker egunean bertan lanean ariko diren 200 bolondresei, eta festa hau aurrera ateratzeko laguntza eman diguten erakunde eta enpresei.
Festak onura ekonomikorik ere ekartzen badu, Larraulgo eskola zerbitzua 12 urtera arte bermatzen eta azpiegituretan inbertituko da.

Kategoria: Eskolako festak, festa. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude