Festa egunaren kronika

Gaur, ekainak 3, Eskola Txikien 25. Festa ospatu da Larraulen. Goizean euri-langarra ariagatik, eskola txikietako senide, irakasle eta herritarrek ez dute atzera egin, eta herria bete duen jende andana ekartzen gelditu gabe aritu dira autobusak. Egunean zehar parte hartzea 3.000 lagunekoa izan da.
Festa antolatzen Larraulgo 150 herritar aritu dira lanean egun osoan zehar, baita inguruko herrietatik laguntzera etorritako adiskideak ere.
Pirritx eta Porrotxek ere 25 urte
ospatu dituzte (Eskola Txikien Festarekin batera abiatu baitzuten euren ibilbidea), eta modu berezian ospatu nahi izan dute:  Gipuzkoako 26 eskola txikietako haurrak igo dira oholtzara, eskola bakoitzak kantu bat dantzatuz.
Bitartean (goizeko 11:00etan) Larraulgo eskolako aretoan, “Eskola bizia, herri bizia” dokumentalaren proiekzioa eskaini da. Aretoa bete egin da eskola txikiei buruzko dokumentala ikustera bertaratu den jendez, eta proiekzioaren amaieran txalo zaparrada jo zaio eskola txikien egunerokotasuna eta etorkizuneko erronkak jasotzen dituen ikus-entzunezkoari.

 

Ekitaldi Nagusia, betea eta unkigarria: Gipuzkoako eskola txikien mugimendu osoa, oholtzan
Eguerdiko 13:00etan hasi da Ekitaldi Nagusia. Larraulgo eskolaren aurrean jarritako oholtza berezian ospatu da ekitaldia, eta plaza ikuslez bete da. Bertan zeuden eskola txikien mugimenduari beren babesa adieraztera etorritako alderdi politikoetako ordezkariak ere: EAJ, Ezker Abertzalea, EA eta Aralar izan dira beren atxikimendua adierazi duten alderdiak.  Internetez ere zuzenean emititu da Ekitaldi Nagusia, webgune honetan eta argia.com-en.
Lau armaila zituen oholtza, eskola txikien mugimendua irudikatu duten 120 ordezkariz bete egin da. Hala, oholtzara igo dira  23 udaletako alkate eta zinegotziak, 26 eskola txikitako irakasleak, eta eskola txikietan ibili izandako ikasleak (gaur herritar helduak) eta egun eskola berean ikasle diren haurrak.
Oholtzara mugimenduko ordezkariak igo ahala, Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeko Lehendakari den Mikel Olanok oroigarria eman diete hitza hartu duten gonbidatuei. Oroigarria, 3 hankadun aulkia izan da, eskola txikien mugimendua sinbolizatzen duen aulkia. Eskola txikien mugimenduak ere hiru zutabe baititu (hiru hanka): udalak, irakasleak eta gurasoak.
Ekitaldi Nagusian Mikel Olanok (Gipuzkoako Eskola Txikietako  Gurasoen Koordinakundeko Lehendakariak) eskerrak eman dizkie 25 urteotan herrietan eskola txikien alde lanean aritu diren herritarrei. Garai onenak ez direla gogorarazi du: Aia-Andatzako eskola kinkan aurkitzen dela, Larraulen 12 urtera arteko zerbitzua izateko baimenik ez dagoela nahiz legeak eskatutako haurrak eta azpiegiturak izan, eta hainbat eskola txiki azpiegitura aldetik exkax dabiltzala, Zubieta edo Alkiza kasu. Halaber, nabarmendu du Eskola Txikien Koordinakundea beti ariko dela herrietako eskolen alde lanean.
Ondoren Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek, hartu du hitza. “Super”  eta “hiper” hitzen garaiak direnotan, txiki izatearen abantaila gogorarazi nahi izan du. Txiki izatea, neurri egokia dela askotan.  Eta herri zein auzoetan eskola izateak duen garrantzia nabarmendu du, herriak zein auzoak bizirik izan daitezen.
Irakasletan, Ixiar Irulegik eta Mito Vegak
hartu dute hitza. Biak ere 27 urtean irakasle izandakoak eskola txikietan. Irakasleen begitatik eskola txikiek dituzten ezaugarri positiboak ekarri dituzte gogora, eta irakasle berriei mezua eman nahi izan diete: zaindu dezatela adin aniztasuna, eta sustatu dezatela. Eta krisiaren aurrean “lasai, gu gutxiagorekin hasi ginen eta kalitatezko eskola eman dugu beti”.
Gurasoetan, EHIGE-ko Lurdes Imazek gogorarazi du Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundea ere EHIGE-ko partaide dela eta  elkarlanean jarraitu nahi dutela, Eskola Txikietan gurasoen parte-hartzea nahitaezko bilakatzen denez, eskola txikiengandik zer ikasi handia dutelako.
Martin Garitano Gipuzkoako Aldun Nagusiak
herri txikiek Gipuzkoarentzat duten garrantzia gogorarazi nahi izan du, landa garapenerako giltzarri baitira. Herri txikiak bizirik egon daitezen, eskola ezinbestekoa dela adierazi du, eta Gipuzkoako Aldundiak beti babestuko dituela eskola txikiak.
Ondoren, Ekitaldi Nagusiko unerik unkigarriena iritsi da: Gipuzkoako eskola txikietan ibili izandako herritarrak (asko 80 urte bueltako aiton-amonak) igo baitira oholtzara, gaur ikasle diren haurrekin (eta horietako asko, euren bilobekin) eskutik helduta. Eskola Txikietako haurrek, Karlos Irazuk eginiko eskultura osatu dute, nork bere bailarako piezak jarriz.
Ekitaldian Bernardo Atxaga (edo “Asteasuko Joxe Irazu”) izan da beste gonbidatu berezia. Atxagak bere gurasoak larrauldarrak dituela ekarri du gogora, eta Galileo Galileiren pasarte baten bidez, txiki izateak askotan proportzioan indartsuagoa izatea dakarrela adierazi du; hala, ikasleak beren herrian bertan izateak herri horri emango dioten indarra, beste herri bateko eskolara joanda baino handiagoa dela adibidetzat ekarriz. Eskola txikiek herriari ematen dioten bizitzaz gain, ikasgela barrura etorrita eskola txikiek hezkuntza aldetik ere maila eman behar dutela aldarrikatu du, eta Zizurkilgo eskolan irakasle izan zen Elena Laiz ekarri nahi izan du gogora, irakasleentzat erreferentzia eredugarritzat aurkeztuz.
Ekitaldia ixteko, Jexux Mari Irazuk jarritako bertsoa abestu dute guztien artean, eta ondoren, eskolan ibili izandako edadetuek usoak askatu dituzte, 25. urteurreneko ekitaldi honetan esandako hitzak eta elkarlanerako nahiak lau haizetara zabal zitzaten.
Datorren urtean Festa antolatzeko erreleboa, Olaberriako eskolak hartu du. Erreleboa bi norabidetan eman dadila desiratu dute: Larraulek Olaberriari eman dio Festa antolatzeko erreleboa, eta Larraulek aldiz Olaberriak ireki duen bidea egitea da desiratu dutena. Izan ere Olaberriak eskola zerbitzua 10 urtera arte luzatzea lortu berri du, eta Larraulgo eskolak ikasturte berriarekin eman nahi duen pausoa horixe bera da.

Ekitaldiz betetako eguna
Egunean zehar beste gune eta ekitaldiek ere jendearen parte-hartze handia izan dute. Material birziklatuz egindako eskulan tailerrek arrakasta handia izan dute, idiak gurdiekin aritu dira haurrak garraiatzen, puzgarriak haurrez bete dira, Gorritiren zezen eta pottokek ehunka haur erakarri dituzte eta Kupela taldearekin dantzan eman zaio amaiera egunari.  Horiez gain, ikusgai egon dira Larraulgo eskola zaharraren erakusketa (Ekomuseoan), eta Eskola Txikien Festaren 25 edizioei buruzko erakusketa (eskolan).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude