Aldun Nagusiaren bixita

Ikusi prentsaurrekoa

Goizeko 10:00etan plazan egin diete Martin Garitano Aldun Nagusiari eta Zigor Etxeburua Euskara Zuzendariari harrera Eskola Txikien Koordinakundeko Mikel Olanok, Larraulgo alkate Xabier Mujikak, lau zinegotzik eta Larraulgo Guraso Elkarteko  kideek. Elkarrekin bisitatu dituzte Haurreskola eta 2tik 8 urtera arteko haurrak biltzen dituzten 3 gelak, irakasleek adin aniztasunaren ezaugarriak azaldu dizkietelarik. Eskolako baratze koloretsua ere bisitatu dute. Bertako hezkuntza zerbitzuaren berri ere jaso du Garitanok: 12 urtera arte bertan eskolatzeko prest daude gurasoak (25 ikasle daude 2tik 8 urtera) eta azpiegiturak Udalak jartzen eta mantentzen ditu. Legearen eskakizun denak betetzen ditu Larraulek, aldiz, 8 urtera arteko baimena soilik eman du egungo Hezkuntza Sailak (Asteasuko Pello Errota ikastetxeko gela izaerarekin), aurreko Eusko Jaurlaritzak Larraulen 12 urtera arteko eskola propioa izateko hartu zuen agindua hautsiz.

 

“Herriaren bihotza”, “euskararen harnasgune”
Udaletxeko Areto Nagusian egindako agerraldian, Martin Garitanok azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak herri txikien aldeko apustua egiten duela, “Gipuzkoan herri txiki asko izanik lurralde orekarako hauek garatzea beharrezko baita”. Eta baieztatu du “eskolak direla herri hauen bihotza” eta horregatik dela oinarrizkoa hauek mantentzea. “Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza arduradunei eskatzen diet Larraulen 12 urtera arteko zerbitzua eman dezatela” bukatu du.

Mikel Olano Eskola Txikitako Gurasoen Koordinakundeko Lehendakariak biziki eskertu du Foru Aldundiak emandako laguntza: “Babestuak sentitzen gara. Ez dira garai errazak eta Aldundiarekin elkarlanean aritzea da gure nahia” gehitu du.

Xabier Mujika Larraulgo alkateak ziurtatu du “Udalak eta gurasoek argi dugu Larraulen 12 urtera arteko zerbitzua dagokigula, legeak jartzen dituen baldintza guztiak betetzen ditugulako. Eta hori lortu arte lan egingo dugu, kosta ahala kosta”. Ekainaren 3an Larraulgo festan parte hartzeko gonbidapena luzatu du.

Zigor Etxeburua Euskara Zuzendariak azpimarratu du herri txikiak euskararen biziraupenerako estrategikoak direla, “horregatik, Larraulen eta herri txikietan bertako eskola edukitzea ona da herri hauentzat, baina baita hirientzat eta Euskal Herri osoarentzat ere, euskarari harnasa ematen baitiote”.

Larraulgo guraso Estitxu Eizagirrek azaldu du Eusko Jaurlaritzak festa antolatzeko urtero ematen zuen 10.000 euroko dirulaguntza ukatu diela, eta festa aurrera atera dela Gipuzkoako Foru Aldundiak urteroko laguntza mantendu izanari esker, gainerako babesleekin eta herritarren laguntzarekin batera. Aurreratu du festak emaitza ekonomikorik utziko balu, 12 urtera arteko zerbitzua lortzeko eta azpiegiturak osatzeko erabiliko dela.

Ikusi albistea:
www.argia.com-en
Tolosaldeko Hitza-n
Aiurri-n
Gara-n
Diario Vasco-n

Erantzun bat Aldun Nagusiaren bixita-ri

  1. egilea: Aiurri

    Martin Garitano Larraulen, horra bideoa:
    http://youtu.be/icu4eAnboMc

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude