Eskola Txikien Festa 2012

1.- LARRAUL: HERRI TXIKI BAT BIZIBERRITZEAREN EREDU

Eskola Txikien Festak Larraulen ospatuko du bere 25. urteurrena, eta Larraulgo herriak ondo sinbolizatzen du Gipuzkoako landa eremuak biziberritzeko azken urteotan egin den ahalegina.

Larraulek herrian eskola izan du 100 urtetan zehar (XIX. mendetik); izatez, XIX. mendean Larraulen bi eskola ere egon ziren: bata herri kaxkoan, eta bestea Andazarrate inguruko ikasleentzat (“Sorarrain zahar” baserrian). 1977an itxi zen eskola, eta 80ko hamarkadan demografiak beherako joera hartu zuen, 90eko hamarkadan 140 biztanletara iritsiz. Egoera ikusirik, udalak populazioa hazteko apustua egin zuen eta orduan jada planteatzen hasi zen bertako eskola berriz irekitzeko beharra. Etxebizitza berriak egin eta biztanleria 250 ingurura igo zelarik, 2007an jarri zen berriro martxan eskola zerbitzua. Hain zuzen, eskola zaharrean ikasle izan zen azken belaunaldia, gaur egun eskola berriko guraso da.

2007an 2tik 6 urtera arteko 8 haurrek ireki zuten eskola, eta gaur egun 25 ikasle dira, 2tik 8ra urte artekoak. Eskolarekin batera Haurreskola jarri zen martxan (13 haurrek erabili dute zerbitzua 4 urte hauetan), baita zaintza zerbitzua eta jangela ere, bertako ekonomia sustatuz. Ekintza estraeskolarren erabilerak gora egin du, baita herriko beste ekimenetako parte hartzeak ere (Olentzeroa, Santa Agedako erronda…).

2.-ESKOLA PUBLIKOA, GURASOEN INPLIKAZIOA: LARRAULGO KASUA

Eskola Txikiak sistema publikoaren parte dira. Txikitasunak dakartzan baliabide urriei aurre egiteko, eguneroko lanean lotuta daude guraso, udal eta irakasleak. Txikitasunak dakartzan premiak ekartzen du bertako kideak inplikatzea eta egun hainbeste baloratzen den borondatezko lana eta kontsentsua (batetik, baliabideak lortzeko lan egitea eta bestetik, kopuruak osatzeko ekintzetan ados jartzea).

Larraulgo kasuan, eskola jarri zen urte berean erabaki zuten gurasoek Kulturgunea eurek garbitzea. Horrela, Larraulgo udalak kanpoko enpresa bat subkontratatu beharrean, bertako guraso elkarteari ordaintzen dio garbiketa lana. Eta gurasoek eskola garbituta ateratzen den diru horrekin mantentzen dira eskolaren inguruko zerbitzu publikoak (goizeko zaintza, ekintza estraeskolar batzuk) eta azpiegitura inbertsioak (psikomotrizitate gela, baratzea). Udalari eta Hezkuntza Sailari inbertsiotan lagunduz.

Gurasoen inplikazioa ez da eskulanera mugatzen, eta aktiboki hartzen dute parte gelako proiektuetan: kantu saioak, baratzea, kazetaritza tailerra, koplagintza saioa, eskulan tailerrak, Santo Tomaseko festa, Gabonetako erronda…

Guztion elkarlanari esker, kalitatezko hezkuntza eta azpiegiturak ditugu Larraulen. Edo beste era batera esanda, Larraulen inbertitzen den txanpon bakoitzari oso errentagarritasun handia ateratzen zaio.

3.- ESKOLA TXIKIEN FESTA 2012: GURE HELBURUAK

Ekainaren 3an, igandea, ospatuko da Eskola Txikien Festa. 25. edizio hau Eskola Txikien mugimendu osoak ospatzea nahi genuke, festa bera denona sentitzea.

Larraulgo herriari begira, bertako eskolaren aldeko inplikazioa herritar denengana zabaltzea nahi dugu, eta ekimen honetan denok elkartzea. Era berean, Eskola Txikien Festa erakusleio ezin hobea da gure herriak dituen aukerak ezagutzera emateko (museoa, mendi ibilbideak, parkeak, osteleritza…).

“Bertakoa” da bultza nahi dugun balio handienetako bat: bertako eta inguruko enpresetara jo dugu lana kontratatzerako garaian (kamisetak egiteko, kartelak ateratzeko…), eta egun horretan bertako produktuak kontsumitzea nahi dugu (barazkiak, esnea, taloak, sagardoa…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude