Egungo egoera

Eskola Txikien Festak Larraulen ospatuko du bere 25. urteurrena, eta Larraulgo herriak ondo sinbolizatzen du Gipuzkoako landa eremuak biziberritzeko azken urteotan egin den ahalegina.

Larraulek herrian eskola izan du 100 urtetan zehar (XIX. mendetik); izatez, XIX. mendean Larraulen bi eskola ere egon ziren: bata herri kaxkoan, eta bestea Andazarrate inguruko ikasleentzat (“Sorarrain zahar” baserrian). 1977an itxi zen eskola, eta 80ko hamarkadan demografiak beherako joera hartu zuen, 90eko hamarkadan 140 biztanletara iritsiz. Egoera ikusirik, udalak populazioa hazteko apustua egin zuen eta orduan jada planteatzen hasi zen bertako eskola berriz irekitzeko beharra. Etxebizitza berriak egin eta biztanleria 250 ingurura igo zelarik, 2008an jarri zen berriro martxan eskola zerbitzua. Hain zuzen, eskola zaharrean ikasle izan zen azken belaunaldia, gaur egun eskola berriko guraso da.

2008an 2tik 6 urtera arteko 8 haurrek ireki zuten eskola, eta gaur egun 25 ikasle dira, 2tik 12ra urte artekoak. Eskolarekin batera Haurreskola jarri zen martxan, baita zaintza zerbitzua eta jangela ere, bertako ekonomia sustatuz. Ekintza estraeskolarren erabilerak gora egin du, baita herriko beste ekimenetako parte hartzeak ere (Olentzeroa, Santa Agedako erronda…).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude